Loading...
2025/07/22

Zibererasoen arriskua oporretan: nola babestu zure burua

Geroz eta ohikoagoak bilakatzen ari dira mota ezberdinetako iruzur bidez gure gailu, posta edo kontuak erasotuak izatea. Kasurik larrienetan datuak galdu edo hauek berreskuratzeko erreskatea eskatu, dirua lapurtu edo gure identitate digitala erabiliz, gu izango bagina bezala, hainbat maltzurkeria egiten dituzte. Iruzur hauek gauzatu ahal izateko hainbat teknika erabiltzen dituzte gaizkileek, sinpleetatik sofistikatuenetaraino eta ez dira pelikuletako gertaerak edo enpresa handiei soilik gertatzen zaizkienak, gure ingurukoek pairatzen dituzten arazoak bilakatu dira.

Opor garaietan asko igo ohi dira halako gertaerak, batez ere ezagutzen ez ditugun edo gure esku ez dauden sareak erabiltzeko probalitatea handiagoa delako, beste herrialde batera joan garelako edota alerta maila jaisten dugulako. Adibidez aireportuetako, hotel edo kanpinetako wifi sareak, jende asko dabilen guneak izaki, errazagoa da hauetan wifi sare iruzurtiak sortu eta bertara konektatzea gure posta begiratzeko edo cheking bat egiteko. Behin sare faltsura konektatu ezkero bertatik igarotzen den guztia ikusi dezakete, zure saio hasieren kredentzialak esaterako, eta informazio horrekin zure kontuetara sarbidea izango lukete.

Beste ohiko adibide bat dei edo mezu elektroniko faltsuena da, erreserba baten aldaketa, eskaintza batena, entregatu ez den paketeren batena, bankuko mugimenduena... mezu guztiek, normalean, lotura faltsu bat izaten dute eta zu bertan sartzea da haien helburua. Lotura horietan klik egin ezkero ohikoa izaten da itxura sinesgarria duen webgune faltsu batera bideratzea, pasahitz edo PIN zenbakia sartzeko.

Azkenik, adimen artifiziala erabiliz erabat sinesgarriak diren mezu edo dei faltsuak (baita bideo-deiak ere) asko ari dira zabaltzen. Ahotsa klonatu eta benetakoaren oso hantzekoa den deia jaso dezakezu, adibidez, senitarteko bat arazo batean dela eta dirua eskatuz. Edo zure bankuko helbidea dirudien batetik kontuaren PIN kodea sartzeko eskatzen duen mezua. Guztiak ongi eginak eta konturatu gabe amarruan erortzeko pentsatuak.

Azkena ezagutu dugun iruzurrak alor digitala eta fisikoa uztartzen ditu. Iruzurgileak zure etxeko postontziraino heltzen dira eskutitz bidez, bertan iragarki bat aurkituko dugu, benetako enpresa ordezkatuz, produktuak probatzeko doako programa batean parte hartzeko gonbitea egingo digute, QR batez benetakoaren oso antzekoa den orri batera bideratuko gaituzte eta gure datuak sartzean…  Hona informazio gehiago.

Horregatik oinarrizko aholku hauek jarraituz ehuneko handi batean murriztu ditzakegu buruhausteak:

·         Gailuak eguneratuak izan: mugikorraren sistema eta aplikazioak, ordenagailua ere berdin.

·         Ekidin wifi sare irekiak (pasahitzik gabekoak) eta badaezpada ere VPN bat erabili.

·         Jasotako emailez ez fidatu, telefonoz deitu bertara zalantza izan ezkero. Eta batez ere, ez sartu emailetako loturetan erabat ziur izan gabe.

Aholku hauetaz gain zure pribatutasuna babesten duten aplikazioak erabiltzea oso gomendagarria da. Adibidez hemen topatu ditzakezu batzuk. Pasahitzei buruz idatzi ditugun gomendioak jarraitzea ere oso lagungarria izango zaizu.

Lotura interesgarriak:

·         Pribatutasuna babesten duten aplikazioak.

·         IZT: Pasahitz berdinak leku ezberdinetan erabiltzearen arriskua

·         IZT: Pasahitz ezberdinak kudeatzeko bitartekoak

·         Ziber iruzurra zure etxeko postontzian aurkitu dezakezu.

Zerrendatu guztiak