Datorren urriaren 14ean amaituko da Microsoft Windows10aren bizitza. Zer esan nahi du horrek? Naiz eta ordenagailua erabiltzen jarraitu ahalko den, alde batetik, egun hartatik aurrera ez dira eguneraketa gehiago izango, horiengatik ordaintzen ez bada behintzat. Eta bestetik programa edo gailu berriek ez dute sistema hori kontuan hartuko bertsio berriak kaleratzean.
Kontuan hartu behar da Windows 10 sistema eragilea, 2015ean kaleratu zela eta ordutik ia 1000 milioi ordenagailuetan dagoela instalatua. Bere ibilbidean 3000 zulo kritiko baino gehiago izan ditu, hauetako batzuk mundu mailan arazo larriak eragin zituztenak, Wannacry famatua esaterako.
Baina zergatik erabaki du hori Redmondeko enpresa multinazionalak? Merkatuaren erabateko kontrola duelako eta irabazi gehiago izateko. Askotan epaitu eta zigortu dute Microsoft jarrera monopolistak izatea egotzita. Milaka dolarretako isunak izan ditu eta bere beste produktuak (Office, Egde edo Teams adibidez) lehenesteari utzi behar izan dio, praktikan hala ez den arren. Beste hainbat multinazionalekin dituen akordioek (ordenagailu, disko... fabrikatzaileekin esaterako) eta adimen artifizialaren zabalpen masiboak sorrarazten ari den egoerak dirutza izugarriak mugitzen ditu eta pastelaren zatia nahi du beretzat.
Eta zer proposatzen digu Microsoftek? Ba Windows 11 instalatzea. Sistema eragile honek ordea, eskakizun handiagoak ditu eta ordenagailu asko ez daude prestatuta sistema eragile berria ofizialki martxan jartzeko. Eskakizun horien artean memoria gehiago, espazio gehiago eta, batez ere, TPM 2.0 deitzen den txip bat izatea ezinbestekotzat jotzen dute. Gutxi gora behera, duela 5-7 urte baino zaharragoko ia ordenagailu guztiek ez dute txip hori (batzuek 1.0 bertsioa dute eta beste batzuek desgaiturik izan dezakete). Hortaz milaka PC sistema berri hau erabiltzeko aukerarik gabe geratuko dira.
Zer egin ezin bada Windows 11 instalatu?
Hiru aukera posible egon daitezke:
1.- Windows 10arekin jarraitzea, segurtasun eguneraketak ordainduta (60 dolar lehen urtean eta bikoizten joango da 3 urte arte) eta Microsoft kontu bat derrigorrez eginda. Azken informazioen arabera, badirudi Europar erabiltzaileei beste urtebetez luzatuko dizkiela segurtasun eguneraketak Microsoft kontua batekin saioa hastearen baldintzapean.
2.- Ordenagailu berria erostea Windows 11 erabili ahal izateko.
3.- Beste sistema eragile bat erabiltzea, GNU/Linux esaterako.
Ez luke aukera bat izan behar segurtasun eguneraketarik gabe Windows10arekin jarraitzea, konpondu edo argitaratu gabeko zuloak izango ditu eta norbere datuak arriskuan egongo dira. Iraganean gertatu bezala izugarrizko kalteak sortu daitezke eguneratu gabeko sistema bat erabiltzen jarraitzen bada.
Herrialde batzuetako erakunde publiko eta pribatuek sistema eragilez aldatzea erabaki dute, software askera igaro eta GNU/Linux erabiltzea. Bai burujabetza teknologikoaren ikuspegitik zein ikuspegi ekonomiko batetik ere irabazten atera dira. Etxeko ordenagailuetan ere geroz eta zabalduago dago software askearen aukera, asko erraztu baita bai instalazio prozesua eta interfazearen erabilgarritasuna. Gainera Windows 10 edo 11ren itxura berbera konfiguratu daiteke erabilera errazteko, eta programei dagokionez, berdinak edo baliokide direnak badira baita, hala beharrez, Windows sistemarako eginiko programak martxan jartzeko aukerak ere.
Beraz, ze aukera egingo duzu urriaren 14tik aurrera? Hiru urtez eguneraketak izateko ordaindu, PC berria erosi edo software librera pasa? Aukeratzen duzuna edozein izanik ere IZT zure alboan izango duzu.
Lotura interesgarriak:
IZT: Booking iruzur berria: letra japoniar batekin egiten duten tranpa
IZT: Zibererasoen arriskua oporretan: nola babestu zure burua
IZT: Pasahitz kudeatzaileak: zure pasahitz guztiak, modu seguru eta erosoan