Loading...
2025/09/08

Adimen artifiziala: bilatzaile bat baino askoz gehiago

Seguru nago azken urtean asko  entzun duzula  adimen artifizialaz (IA), jada presentzia du mugikorrean, albisteetan, lanean. Baina, zer da benetan? Zertarako balio du?

Pertsona askok bilatzaile adimentsu bat dela pentsatzen du, baina errealitatea askoz konplexuagoa da. Informazioa bilatzeaz gain, testuak laburbiltzen, posta edo dokumentuak idazten, hizkuntzak itzultzen, eta baita gauza konplexuak modu erraz batean azaltzen ere lagun zaitzake. Laburbilduz, laguntzaile digital bat izan daiteke zure bizitza kudeatzeko.

Teknologia dirudien arren, IA oso erabilgarria da informatikaz gutxi dakien pertsonarentzat ere. Hona hemen zenbait adibide praktiko:

·         Posta elektronikoak idazteko: Batzuetan esan nahi duzuna ez dakizu nola idatzi; IAri eskatu diezaiokezu estilo profesional edo informal batean idazteko.

·         Bilerak edo zereginak laburbiltzeko: Testu luze bat emanda, IAk puntu garrantzitsuenak nabarmentzen lagunduko dizu

·         Gai konplexuak argitzeko: Edozein gairi buruz ulertzen ez baduzu, esaldi sinpleetan azaltzeko eskatu diezaiokezu.

·         Denbora aurrezteko: Ideiak sortzeko, zirriborroak egiteko, akatsak zuzentzeko eta denbora gutxian egiteko laguntza ematen du.

Abantaila handiak ditu, baina kontuan izan behar da ez dela beti perfektua. IAren erabileraren arriskuak ere kontutan hartu behar ditugu. Hona hemen zenbait kontu garrantzitsu:

·         Batzuetan gezurrak asmatzen ditu (haluzinazioak): Nahiko fidagarria izan arren, ez da perfektua. Kontuz ibili beharko duzu, batez ere informazio garrantzitsua bada.

 

·         Ez da komeni datu pertsonalik jartzea: Interneten dagoen moduan, zaindu zer jartzen duzun. Datu pertsonalak edo konfidentzialak ez jartzea komeni da.

 

·         Zoritxarrez, alborapenak (sesgo) izan ditzake: IAk internetetik ikasten du, eta, zoritxarrez, gizartean dauden aurreiritziak eta estereotipoak ere ikasten eta erreproduzitzen ditu, genero-estereotipoak barne. Horrek esan nahi du, adibidez, lanbide batzuk gizon edo emakumeekin lotu ditzakeela modu diskriminatzailean, edo hizkuntzaren erabilera ez-inklusiboa bultzatu. Funtsezkoa da horretaz jabetzea eta IA hori zuzentzeko neurriak hartzea.

 

·         Ez da erabakiak hartzeko ordezkoa: Laguntza gisa erabil dezakezu, baina zure ezagutza eta esperientzia garrantzitsuak dira.

 

·         Ohitura onak gal daitezke: Kalkulagailuaren erabilerak kalkulu gaitasunean eragiten duen bezala; beti IA erabiltzen baduzu, zeregin horietan IA gabe jardutea gero eta gehiago kostatuko zaizu.

 

·         Errekurtsoen kontsumoa: IAren atzean, datu-zentro erraldoiak daude, milaka ordenagailu konektatuta 24 orduz lanean, munduko leku ezberdinetan. Horrek esan nahi du IA erabiltzeak energia asko kontsumitzen duela: entrenamendu prozesuek (hau da, IA-k ikasteko behar duen lana) eta eguneroko erabilerak energia elektriko kopuru izugarriak eskatzen dituzte. Gainera, zerbitzari horiek hozteko ere energia asko behar da, bero handia sortzen dutelako. Horregatik, IAren hedapenak ingurumen-inpaktu nabarmena izan dezake: karbono dioxido emisioak, baliabide elektrikoen gehiegizko erabilera eta azpiegitura handien beharra.

·         Egile eskubideak: Gero eta gehiago hitz egiten da IArekin sortutako edukien jatorriaz. Izan ere, IA askok Interneten dauden testu, irudi eta bestelako edukietan oinarrituta “ikasten” dute, eta askotan eduki horiek norbaitek sortutakoak dira, egile eskubideak dituztenak. Horrek hainbat zalantza sortu ditu: nork du sortzen den testu edo irudi baten jabetza? Egileek baimenik eman gabe erabilitako materialagatik ordaina jaso beharko lukete? Gaur egun, gai hau ez dago argi lege aldetik, eta sortzaile askok kezka azaldu dute.

Laburbilduz,  adimen artifiziala tresna indartsu bat da, jada askotan erabiltzen dena, eta ondo erabiltzen bada, lana errazten du. Ez da beharrezkoa aditua izatea edo dena egiteko erabiltzea. Zentzuz eta pixka bat jakinez gero, benetako aliatu bihur daiteke.

Lotura interesgarriak: www.izt.eus

·       Berria. Estilo Liburua

·       IBM. Zer da Adminen Artifiziala?

·      The Guardian. Erresuma Batuko IA datu-zentro berri batek Birminghameko aireportuko bost aldiz isuriak eragin ditzake

·        MCPro. Adimen artifizialaren energia-kontsumoa eta iraunkortasun globala

·         The Guardian. Adimen artifizialaren copyrightaren mehatxua.

·         EFE. Legeak adimen artifizialarekin sortutako edukia identifikatzea eskatuko du.

Zerrendatu guztiak